03/02/2025
5605E/2024 EBAZPENA, abenduaren 16koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez enplegu autonomoa sustatzeko dirulaguntza deialdia onesten baita 2025erako
Xedea.
Oinarri hauek arautzen dituzten dirulaguntzen xedea da finantzabidea ematea Nafarroako Foru Komunitatean, langile autonomo moduan edo beren kontura, ekonomia edo enpresa jarduera bat edo jarduera profesional bat hasten duten eta 18 hilabetez mantentzen duten langabeei.
Onuradunek bete beharreko baldintzak.
2.1. Dirulaguntza honen onuradun izateko, eskatzaileek baldintza hauek bete beharko dituzte, oro har:
a) Egoitza fiskala Foru Komunitatean izatea.
b) Langabezian egotea eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan, edo erkidegoko antzeko enplegu zerbitzu publiko batean, enplegu eskatzaile moduan alta egoeran egotea, jarduerari ekiteko datan.
c) Alta egoeran egotea ekonomia jardueren gaineko zergan, jarduera ekonomikoa garatuko den Nafarroako udalerrian.
d) Langile autonomoen araubide berezian edo lanbide elkargoen mutualitatean kidetzea. Deialdi honen ondoreetarako, alta data izanen da interesdunaren lan bizitzan ageri den "Jardueraren hasiera data".
2.2. Ondasun erkidegoak, sozietate zibilak edo nortasun juridikorik gabeko bestelako erakundeak osatzen dituztenean izaten ahalko dira laguntzen onuradun langile autonomoak edo beren konturakoak, baldin eta dirulaguntzak nork bere izenean eskatzen badituzte. Kasu horretan, erakundea dirulaguntza eskatu aurretik eratuta egon beharko da.
2.3. Horrez gain, enplegua lortzeko zailtasun handiagoak dituzten kolektibo jakinek baldintza hauek bete beharko dituzte langile autonomoen araubide berezian edo dagokien lanbide elkargoaren mutualitatean alta hartzeko momentuan:
a) Desgaitasuna duten langileek: ehuneko 33ko desgaitasuna edo handiagoa aitortua izatea, desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta haiek gizarteratzeari buruzko lege orokorraren testu bategina onesten duen azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuaren 4.2 artikuluan xedatutakoarekin bat.
b) Gizarteratze errenta edo antzeko laguntza jasotzen dutenek: prestazio horren onuradun izatea.
c) Iraupen luzeko langabeak: jarduera hasi aurreko 540 egunetan gutxienez 360 egunez langabezian egon eta enplegu zerbitzu publikoetan enplegu eskatzaile gisa izena emanda egon direnak.
d) Genero indarkeriaren biktima diren emakumeek: emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteko apirilaren 10eko 14/2015 Foru Legean xedatutakoaren arabera.
2.4. Ezin izanen dira onuradun izan dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako egoeraren batean dauden pertsonak.
Zenbatekoak.
4.1. Dirulaguntza honen zenbatekoak kontuan hartzen du eskatzaileak lan merkatura sartzeko duen zailtasun berezia, eskala honen arabera:
a) Oro har: 2.000 euro.
b) 30 urteko gazteak eta hortik beherakoak: 2.200 euro.
c) 45 urtekoak edo hortik gorakoak: 2.200 euro.
d) Luzaroko langabeak: 2.200 euro.
e) Emakumezkoak: 2.500 euro.
f) Desgaitasuna duten pertsonak: 3.000 euro.
g) Gizarteratze errenta edo antzeko prestazioa jasotzen dutenak: 3.000 euro.
h) Genero indarkeriaren biktima diren emakumezkoak: 3.500 euro.
Onuradun bat aipatutako taldeetako batean baino gehiagotan egonez gero, zenbateko handienari dagokion dirulaguntza emanen zaio.
4.2. 1.000 euroko laguntza gehigarria emanen zaie landa eremu batean kokatutako Nafarroako udalerri batean jarduera bat abiarazten dutenei, baldin eta jarduera hasteko datan eguneratutako erroldan 5.000 biztanle baino gutxiago badaude.
Ondorio horietarako, kanpo geldituko dira maiatzaren 16ko 45/2011 Foru Dekretu bidez onetsitako Eremu Zentraleko Lurraldearen Antolamenduko Planeko (Nafarroako Lurralde Estrategia) 10.4 azpieremuan sailkatutako udalerriak, baldin eta ez badute despopulazio arriskurik, Lurralde Kohesiorako kontseilariak otsailaren 15an emandako 8/2023 Foru Aginduaren arabera. Ondorioz, ez dute laguntza gehigarririk izanen hiri eremu zabaldu moduan sailkatutako udalerri konposatuetako altek, hau da 5.000 biztanletik beherako herriak dituzten udalerri hauetan egindakoek: Aranguren, Berriobeiti, Oltza Zendea, Zizur, Eguesibar, Galar, Noain (Elortzibar).
Aurkezteko epea.
2025eko urtarrilaren 1aren ondorengo LAAB/mutualitate altak bakarrik lagunduko dira diruz.
Dirulaguntzaren eskaera aurkezteko epea hilabetekoa izanen da jarduera hasi eta biharamunetik hasita, hau da, langile autonomoen araubide berezian edo kasuko lanbide elkargoaren mutualitatean alta eman zuen egunaren biharamunetik hasita, betiere data horretan deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu bada. Bestela, epea hilabetekoa izanen da deialdi hau argitaratu eta biharamunetik hasita.
Epez kanpo aurkeztutako eskaerak ez dira onartuko.
Informazio gehiagoCerrar [X]Uso de cookies
Utilizamos cookies propias y de terceros para mejorar nuestros servicios y recopilar datos estadísticos sobre hábitos de navegación. El uso de cookies es necesario para la notificación de incidencias. Si continúa navegando, consideramos que acepta su uso. Puede obtener más información, o bien conocer cómo cambiar la configuración, en nuestra Política de cookies