17/07/2025
1993E/2025 EBAZPENA, maiatzaren 5ekoa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez onesten baita laneratzeko zailtasunak dituzten pertsonen kontratazioa sustatzeko dirulaguntzen 2025eko deialdia.
Xedea eta jarduketa esparrua.
Oinarri hauen xedea da enpresei dirulaguntzak emateko baldintzak eta betebeharrak arautzea, laneratzeko zailtasun handiak dituzten pertsonen kontratazioa sustatzeko 2025ean. Jarduketa eremua Nafarroako Foru Komunitatea da.
Entitate onuradunak.
Pertsona edo entitate hauek izan daitezke dirulaguntzen onuradun:
a) Enpresak.
b) Langile autonomoak edo norberaren konturako langileak.
c) Irabazi-asmorik gabeko entitateak.
Jarduketa diruz lagungarriak.
Dirulaguntzaren xede izanen dira Nafarroako Foru Komunitatean kokatutako lantokiei atxikitako lanpostuetarako kontratuak, baldin eta atal hauetako baten barnean sartzen badira:
A) Kontratu mugagabeak. Kontratuak gutxienez lanaldiaren %50ekoak izanen dira.
B) Aldi baterako edo iraupen mugatuko kontratu bat kontratu mugagabe bihurtzea. Kontratuak gutxienez lanaldiaren %50ekoak izanen dira.
Urteko gutxieneko lansari gordina (aparteko pagak barne) kontratuan agertuko da, eta ez da lanbide arteko gutxieneko soldata baino txikiagoa izanen.
Kontratuak lan arloko legeriak aurreikusitakoa beteko du.
Ez dira inoiz diruz lagunduko zehapen prozedurak irekitzearen ondorioz egiten diren kontratu mugagabeak edo mugagabe bihurtzen direnak.
Deialdi honetatik kanpo gelditzen dira aldizkako kontratu finkoak eta obrari atxikitako kontratu mugagabeak.
Kontratazio bakoitzak plantilla handitzea ekarri behar du. Deialdi honen ondorioetarako, kalkulu hori egiteko, kontratazioa egiten den hilabetean enpresak duen plantilla finkoa alderatuko da aurreko urteko hilabete bereko plantilla finkoarekin.
Kontratatuen betebeharrak.
Kontratatzen diren pertsonak langabeak izanen dira, eta enplegu publikoko zerbitzuetan enplegu-eskatzaile gisa izena emanda egon beharko dute kontratua hasten den egunean, salbu eta aldi baterako kontratu bat edo iraupen jakineko kontratu bat mugagabe bihurtzen den kasuetan.
Kontratatu mugagabearekin edo aldi baterako kontratua mugagabe bihurtuta kontratatzen direnek honako kolektibo hauetako baten barruan egon beharko dute:
–55 urtetik gorako pertsonak.
–30 urtetik beherako gazteak, Gazte Bermearen Sisteman izena emanda daudenak.
–Luzaroko langabeak.
–Errenta bermatuaren edo bizitzeko gutxieneko errentaren hartzaileak.
–STEM lanbideetan kontratutako emakumeak, deialdi honen II. eranskinean zerrendatutako LESen arabera. Kasu honetan, lanpostuak bat etorri beharko du aipatu eranskinean sartutako lanbideren batekin, eta LESa berariaz aipatu beharko da kontratuan.
–Genero-indarkeriaren biktimak.
–Gizarteratzeko eta laneratzeko enpresa batean laneratze ibilbide batean parte hartu duten pertsonak (gutxienez 6 hilabetez), ibilbide hori dirulaguntzaren xede den kontratua sinatu aurreko azken urtean bukatu bada.
Dirulaguntzaren zenbatekoa.
Diruz lagunduko diren zenbatekoak hauek dira:
Kontratu mugagabeak edo kontratuak mugagabe bihurtzea:
a) 3.000 euro, 55 urtetik gorako pertsonekin edo Gazte Bermearen Erregistroan izena emanda dauden 30 urtetik beherako gazteekin sinatuak badira.
b) 4.000 euro, iraupen luzeko langabeekin edo errenta bermatua nahiz bizitzeko gutxieneko errenta jasotzen dutenekin sinatuak badira, bai eta gizarteratzeko eta laneratzeko enpresa batean laneratzeko ibilbidea egin duten pertsonekin ere.
c) 6.000 euro, STEM lanbideetan aritzen diren emakumeekin edo genero indarkeriaren biktimekin sinatuak badira.
Azaldutako egoeretako bi gertatzen badira, eskatzaileak aukerarik mesedegarriena hautatu beharko du.
Kontratua a) edo b) apartatuetakoa bada eta emakume batekin sinatzen bada, 1.000 euroko zenbateko gehigarria emanen da.
1.000 euroko laguntza gehigarria emanen zaie landa eremu batean kokatutako Nafarroako herri batean kontratatzen dutenei, baldin eta jarduera hasteko datan eguneratutako erroldan 5.000 biztanle baino gutxiago badaude.
Aurkezteko epea.
Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, kontratua hasi edo mugagabe bihurtu eta biharamunetik aurrera.
Diruz lagunduko dira soilik deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren eta 2025eko urriaren 31ra bitarte hasten diren kontratuak.
Informazio gehiagoCerrar [X]Uso de cookies
Utilizamos cookies propias y de terceros para mejorar nuestros servicios y recopilar datos estadísticos sobre hábitos de navegación. El uso de cookies es necesario para la notificación de incidencias. Si continúa navegando, consideramos que acepta su uso. Puede obtener más información, o bien conocer cómo cambiar la configuración, en nuestra Política de cookies