28/07/2025
130E/2025 EBAZPENA, ekainaren 18koa, Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez prestakuntza beka baterako deialdia onesten baita, Informazio Zientzietako eta/edo Komunikazio adarreko unibertsitate titulua duten pertsonentzat. Beka Nafarroako Gazteriaren Institutuan aritzeko da.
Xedea.
Oinarri hauen xedea da arautzea nola emanen den prestakuntza beka bat norgehiagokako araubidean. Beka jasotzeko izangaiek Informazio Zientzietako edo/eta Komunikazio adarreko edozein titulaziotako lizentziadun edo graduatu izan behar dute (Kazetaritza, Ikus-entzunezko komunikazioa, Publizitatea...). Beka Nafarroako Gazteriaren Institutuan aritzeko da.
Bekaren helburua da hautatutakoaren prestakuntza bultzatzea, Nafarroako Gazteriaren Institutuak gazteriaren arloan antolatzen dituen jarduerak zuzenean ezagut ditzan.
Iraupena.
Bekak hamabi hilabete iraunen du. Hala ere, organo eskudunak luzatzen ahalko du, epe bererako, hiru urte egin arte gehienez (hasierako aldia eta luzapenak barne), aurrekontu-baliabideen arabera.
Bekaldia esleipenaren ebazpenean adieraziko den egunean hasiko da (inoiz ez 2025eko urriaren 1a baino lehenago), eta 2026ko irailaren 1ean bukatuko. Beka 2026ko urriaren 1etik aurrera bi urte luzatzen ahalko da, apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren 3. artikuluak ezartzen duenarekin bat (foru dekretu hori Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntzarako bekak emateko araubide orokorra ezartzen duena da).
Beka luzatzen bada, ez da inola ere aldatuko bekaren izaera.
Bekaren zenbatekoa eta ordainketa.
Bekak 15.764,16 euroko zuzkidura izanen du urtean, hau da, hilean 1.250 euroko 12 hileko gehi 63,68 euro Gizarte Segurantza ordaintzeko.
Beka lortu duen pertsonari ordaindu beharreko zenbatekoa hilabeteka ordainduko zaio, hilabetea bukatutakoan, edo zati proportzionalean, hala badagokio. Zenbateko horretatik, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari dagokiona kenduko da. Gainera, Nafarroako Gazteriaren Institutuak, hilero, bekadunari dagokion Gizarte Segurantzaren kotizazio kuotaren zatia ordainduko du.
Hileko 1.250,00 euro gordineko kopuru hori bekaren iraunaldi osoan mantenduko da, eta ez da soldata edo ordainsaritzat hartuko, baizik eta laguntza ekonomiko publikotzat.
Bekaren onuraduna besteren konturako langileekin parekatuko da, Gizarte Segurantzako araubide orokorrean sartzeari dagokionez, urriaren 24ko 1493/2011 Errege Dekretuan ezarritako baldintzetan.
Onuradunak.
Onuradun izan daitezke betebehar hauek betetzen dituzten pertsona fisikoak:
a) Adinez nagusia eta 31 urtez beherakoa izatea.
b) Espainiar nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo, Europar Batasunak sinatu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa. Espainiako nazionalitatea ez dutenek gaztelaniaz behar adina badakitela frogatu beharko dute.
c) Jarduteko gaitasun osoa izatea eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen laguntza eta dirulaguntza publikoak jasotzeko ezgaitua ez egotea, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Aginduaren 13.2 artikuluarekin.
d) Nafarroan erroldaturik egotea deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu baino urte bat lehenagotik gutxienez.
e) 1. oinarrian aipatzen den unibertsitateko titulu ofiziala izatea, Espainiako agintariek emana edo homologatua.
f) Eskatutako titulua prestakuntza beken deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu aurreko hiru urteen barrenean eskuratua izatea.
g) Euskararen jakite-maila frogatzen duen titulu edo ziurtagiri bat izatea, B2 mailaren baliokidea dena. Horri dagokionez kontuan hartuko diren baliokidetasunak Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak irailaren 13an emandako 210/2010 Ebazpenean bildutakoak dira. Izan ere, ebazpen horren bidez ezarri ziren euskararen eta Europar Batasuneko hizkuntzen jakite-maila egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliozkotzeak, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera.
h) Ez izatea ezintasun fisikorik edo gaixotasunik, bekaren xedeko prestakuntzan aritzea galarazten dionik.
Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira baldintza guztiak, eta, orobat, bekaldiak irauten duen bitartean mantendu.
Eskaerak.
Prestakuntza beka hau eskuratzeko interesa dutenek honako leku hauetan aurkezten ahalko dute eskaera: Nafarroako Gazteriaren Institutuko Erregistroan (Yanguas y Miranda kalea 27, behea, 31003 Iruña), Nafarroako Gobernuko Erregistroaren edozein bulegotan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako tokietan.
Telematika bidez ere aurkezten ahal dira, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz (https://www.navarra.es/eu/tramiteak). Fitxa horretan, esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki behar da.
Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da. Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta hurrengo hilabetean bukatuko da, argitalpen egunaren zenbaki bera duen egunean (abuztuak 25ean)
Informazio gehiagoCerrar [X]Uso de cookies
Utilizamos cookies propias y de terceros para mejorar nuestros servicios y recopilar datos estadísticos sobre hábitos de navegación. El uso de cookies es necesario para la notificación de incidencias. Si continúa navegando, consideramos que acepta su uso. Puede obtener más información, o bien conocer cómo cambiar la configuración, en nuestra Política de cookies