09/02/2026
6238E/2025 EBAZPENA, abenduaren 26koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez enplegu autonomoa sustatzeko dirulaguntzen deialdia onesten baita 2026rako
Xedea.
Oinarri hauek arautzen dituzten dirulaguntzen xedea da langabeei finantzabidea ematea Nafarroako Foru Komunitatean, langile autonomo gisa edo beren kontura, ekonomia- edo enpresa-jarduera bat edo jarduera profesional bat has dezaten eta hari 18 hilabetez eutsi diezaioten.
Onuradunek bete beharreko baldintzak.
2.1. Dirulaguntza honen onuradun izateko, eskatzaileek baldintza hauek bete behar dituzte:
a) Egoitza fiskala Nafarroako Foru Komunitatean izatea.
b) Langabezian egotea eta enplegu-eskatzaile gisa inskribatuta egotea, alta-egoeran, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan edo erkidegoko antzeko enplegu zerbitzu publiko batean, jarduera hasten den egunean.
c) Alta-egoeran egotea ekonomia-jardueren gaineko zergan (EJZ), Nafarroako zein udalerritan garatuko den jarduera, hartantxe.
d) Alta ematea langile autonomoen araubide berezian edo lanbide-elkargoen mutualitatean. Deialdi honen ondorioetarako, altaren eguna izanen da interesdunaren lan-bizitzan ageri den "Jardueraren hasiera data".
2.2. Langile autonomoek edo norberaren konturako langileek laguntzak jasotzen ahalko dituzte, baldin eta ondasun-erkidegoen, sozietate zibilen edo nortasun juridikorik gabeko beste entitate batzuen parte badira eta laguntzak beren izenean eskatzen badituzte. Kasu horretan, entitateak dirulaguntza eskatu aurretik eratuta egon beharko du.
2.3. Horrez gain, enplegua lortzeko zailtasun handiagoak dituzten kolektibo jakin batzuek baldintza hauek bete beharko dituzte, langile autonomoen araubide berezian edo dagokien lanbide-elkargoaren mutualitatean alta hartzeko unean:
a) Desgaitasuna duten langileek: ehuneko 33ko desgaitasuna edo handiagoa aitortua izatea, Desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta haiek gizarteratzeari buruzko lege orokorraren testu bategina onesten duen azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuaren 4.2 artikuluan xedatutakoarekin bat.
b) Errenta bermatua edo bizitzeko gutxieneko diru-sarrera jasotzen duten pertsonek: prestazio horren onuradun izatea.
c) Luzaroko langabeek: jarduera hasi aurreko 540 egunetan gutxienez 360 egunez langabezian egon izana, eta enplegu-zerbitzu publikoetan enplegu-eskatzaile gisa izena emanda.
d) Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek: Emakumeen Kontrako Indarkeriari Aurre Egiteko apirilaren 10eko 14/2015 Foru Legean xedatutakoaren arabera.
2.4. Ezin izanen dira onuradun izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako egoeraren batean dauden pertsonak.
Zenbatekoak.
4.1. Dirulaguntza honen zenbatekoak kontuan hartzen du eskatzaileak lan-merkatura sartzeko duen zailtasun berezia, eskala honen arabera:
a) Oro har: 2.000 euro.
b) 30 urteko gazteak eta hortik beherakoak: 2.200 euro.
c) 45 urtekoak edo hortik goitikoak: 2.200 euro.
d) Luzaroko langabeak: 2.200 euro.
e) Desgaitasuna duten pertsonak: 3.000 euro.
f) Gizarteratze-errenta edo antzeko prestazioa jasotzen dutenak: 3.000 euro.
g) Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeak: 4.000 euro.
Onuradun bat aipatutako taldeetako batean baino gehiagotan egonez gero, zenbateko handieneko dirulaguntza emanen zaio.
4.2. 500 euroko laguntza gehigarria emanen zaie a) eta f) bitarteko kasuetan dauden ekintzaileei, emakumeak badira.
4.3. 1.000 euroko laguntza gehigarria emanen zaie Nafarroako landa-eremuko udalerri batean jarduera bat abiarazten dutenei, baldin eta udalerrian 5.000 biztanle baino gutxiago badaude erroldatuta jarduera hasteko egunean.
Ondorio horietarako, bazter geratuko dira maiatzaren 16ko 45/2011 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Eremu Zentraleko Lurralde Antolamenduko Planaren (Nafarroako Lurralde Estrategia) 10.4 azpieremuan sailkatuta dauden eta Lurralde Kohesiorako kontseilariaren otsailaren 15eko 8/2023 Foru Aginduari jarraikiz despopulazio-arriskurik ez duten udalerriak. Beraz, ez dute laguntza gehigarririk jasoko hiri-eremu zabal gisa sailkatutako udalerri konposatuetan egiten diren altek; zehazki, 5.000 biztanle baino gutxiagoko herriak dituzten udalerri hauen kasua da: Aranguren, Beriain, Berriobeiti, Oltza zendea, Zizur, Eguesibar, Galar, Elortzibar eta Orkoien.
Aurkezteko epea.
Dirulaguntza jasotzeko, 2025eko urriaren 13tik 2026ko azaroaren 15era bitartean eman behar da alta langile autonomoen araubide berezian edo mutualitatean, bi egun horiek barne.
Eskaera aurkezteko epea hilabetekoa izanen da jarduera hasi eta biharamunetik hasita, hau da, langile autonomoen araubide berezian edo kasuko lanbide-elkargoaren mutualitatean alta eman zuen egunaren biharamunetik hasita, betiere deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuta badago. Bestela, epea hilabetekoa izanen da deialdi hau argitaratu eta biharamunetik hasita. Nolanahi ere, aurkezteko epea 2026ko azaroaren 30ean bukatuko da.
Informazio gehiagoCerrar [X]Uso de cookies
Utilizamos cookies propias y de terceros para mejorar nuestros servicios y recopilar datos estadísticos sobre hábitos de navegación. El uso de cookies es necesario para la notificación de incidencias. Si continúa navegando, consideramos que acepta su uso. Puede obtener más información, o bien conocer cómo cambiar la configuración, en nuestra Política de cookies