03/06/2026
303E/2026 EBAZPENA, maiatzaren 14koa, Osasuneko zuzendari nagusiak emana, oinarri arautzaileak onesten dituena dirulaguntza deialdi baterako, zeinaren bidez laguntzak ematen baitira honako hauei egin zaizkien tratamenduak osatzeko: hartutako kalte zerebralak edo antzeko patologia neurologikoak dituzten haurrei eta 23 urtetik beherako helduei, edo 23 eta 26 urte bitarteko helduei, baldin eta 23 urte bete aurretik %65eko desgaitasun maila edo handiagoa aitortu bazaie, aintzat hartuta bi kasuetan 18 urte bete baino lehen egon behar dutela diagnostikatuta. Tratamenduek 2025eko uztailaren 1etik 2026ko ekainaren 30era bitartean (biak barne) eginak behar dute
Dirulaguntzen xedea eta helburua.
Dirulaguntzen bidez erabat edo partzialki estaliko dira ondoren aipatzen diren gastuak, 2025eko uztailaren 1etik 2026ko ekainaren 30era bitarte (biak barne) egin direnak hartutako kalte zerebrala edo antzeko patologia neurologikoak dituztenen premiak asetzeko. Zehazki, hartutako kalte zerebralak edo antzeko patologia neurologikoak dituztenak haurrak eta 23 urtetik beherako helduak izanen dira, edo 23 eta 26 urte bitarteko helduak, baldin eta 23 urte bete aurretik %65eko desgaitasun maila edo handiagoa aitortu bazaie, aintzat hartuta bi kasuetan 18 urte bete baino lehen egon behar dutela diagnostikatuta.
a) Diziplina hauetako saioak:
i.–Fisioterapia.
ii.–Terapia okupazionala.
iii.–Irensketaren errehabilitazioa.
iv.–Psikologia eta/edo neuropsikologia.
v.–Ikusmen terapia, baita bergentzia- edo egokitze-akatsengatikoa. Akats horiek berariaz azaltzen dituen txosten bat aurkeztu beharko da, Oftalmologiako mediku espezialista batek emana. Ikusmen terapia aipatzea ez da nahikoa arrazoi izanen diruz lagungarritzat jotzeko.
b) Laguntza produktuak.
i.–Autonomia pertsonalerako laguntza produktuak; halakotzat joko da desgaitasuna duten pertsonek erabiltzen duten edo haientzat erabiltzen den edozein produktu (gailuak, ekipoa, tresnak eta softwarea barne), berariaz fabrikatu dena edo merkatuan salgai dagoena, eta balio duena parte-hartzea sustatzeko, babesteko, laguntzeko, entrenatzeko, neurtzeko edo gorputzeko eginkizunak/egiturak eta/edo jarduerak ordezteko, edo eguneroko bizitzako oinarrizko jardueretan dituzten gabeziei, mugei edo parte hartzeko murrizketei aurrea hartzeko, UNE EN ISO 9999:2011 arauaren arabera. Produktu horiek Osasuneko, Gizarte Zerbitzuetako eta Berdintasuneko Ministerioaren gida honetan daude jasota: "Jarduera profesionalean orientatzeko gidaliburua, mendekotasun egoera erregelamenduz baloratzeko: autonomia pertsonalerako laguntza produktuak".
Kanpo gelditzen da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak finantzatzen duen material ortoprotesikoa.
Terapia horiek honelakoak izan behar dute:
–Homologatuak eta eraginkortasun frogatukoak.
–Profesionalek emanak; terapia bakoitzerako (fisioterapia, terapia okupazionala, psikologia, psikiatria, pedagogia, logopedia eta optika-optometria) beharrezkoa den titulazioa eduki beharko dute, hots, tratamendu horretarako behar den akreditazioa edo prestakuntza.
–Jarduera sanitarioak egiteko baimendurik dauden zentroetan eginak.
Autonomiarako laguntza produktuei dagokienez:
–Produktua zertarako den, arlo horrekin zerikusia duen espezialitateko profesional fakultatiboak preskribatu beharko ditu, edo erabiltzea komenigarria dela agindu.
Dirulaguntza honek onura publikoa du egokia delako hartutako kalte zerebrala edo antzeko patologia neurologiak diagnostikatuta dituzten haurren eta 26 urtetik beherako helduen tratamendua osatzea, ezarritako baldintzei jarraikiz, adierazitako behar horiei dagokienez.
Onuradunen betebeharrak.
Betebehar hauek betetzen dituztenak izaten ahal dira onuradun:
–Hartutako kalte zerebrala edo antzeko patologia neurologikoa izatea, neuropediatrako edo neurologiako profesional batek diagnostikatua, pertsonaren adinaren arabera. Antzeko patologia neurologiko bat izanez gero, diagnostiko-kodean berariaz jaso beharko da hartutako bizkarrezur-muineko lesioa edo kalte zerebral estrukturala, neuroirudi proba baten bidez objektibatua, eta adierazi garuneko egiturazko lesio hori zuzenean dagoela lotuta nahasmendu neurologikoarekin, azpiko kausa zer unetan gertatu den gorabehera.
–Esku-hartze terapeutikoa jasotzeko edo laguntza produktuak erosteko unean, 23 urtetik beherakoa izatea, edo 26 urte baino gutxiago eta %65eko desgaitasun maila edukitzea –23 urte bete aurretik aitortua–, eta, edozein kasutan, diagnostikoa 18 urte bete baino lehen jaso izana.
–Ohiko bizilekua Nafarroako Foru Komunitatean edukitzea, hots, 2026ko ekainaren 30a baino lehen, onuraduna egiazki eta modu jarraituan bizi izana, urte batez, Nafarroako Foru Komunitatean. Onuraduna urte batetik beherako adingabea baldin bada, jaiotzetik beretik Nafarroan egiazki bizitzea eskatuko da. Betebehar honetatik salbuesten dira asilo eskatzaileak eta haien familia unitatekoak, asilo-eskubidea aitortzeko ebazpenak ezartzen duenaren arabera, edo familia zabaltzeagatik babes subsidiarioa ezartzen duen ebazpenaren arabera.
–Behar bezala akreditatua dagoen eta onuradunaren arretan inplikatua dagoen profesional batek gomendatu behar du fisioterapia, terapia okupazionala, irensketaren errehabilitazioa, psikologia, neuropsikologia eta ikusmen terapia egitea edo autonomia pertsonalerako laguntza produktuak erabiltzea.
–Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debeku egoeretako batean ere.
Eskaerak aurkezteko modua, tokia eta epeak.
4.1. Interesdunak berak eska dezake laguntza, edo haren legezko ordezkariak edo ordezkari judizialak, indarreko legeria zibilaren arabera.
4.2. Eskaerak onuradunaren izenean egon behar du beti, eta aurkezten duena ordezkaria izanen da.
4.3. Eskaerak aurkezteko epea 2026ko ekainaren 3an hasiko da, eta urte bereko uztailaren 3an bukatuko.
4.4. Dirulaguntza jasotzeko eskaerak, ahal dela, Nafarroako Gobernuaren zerbitzuen katalogoan dagoen fitxaren bidez aurkeztuko dira, eskaera izapidetzeko botoia sakatuta.
Informazio gehiagoCerrar [X]Uso de cookies
Utilizamos cookies propias y de terceros para mejorar nuestros servicios y recopilar datos estadísticos sobre hábitos de navegación. El uso de cookies es necesario para la notificación de incidencias. Si continúa navegando, consideramos que acepta su uso. Puede obtener más información, o bien conocer cómo cambiar la configuración, en nuestra Política de cookies