15/12/2025
47E/2025 EBAZPENA, azaroaren 21ekoa, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita artisautza enpresen elkarteentzako dirulaguntzen deialdia, Nafarroako artisautza sektorea sustatze aldera
Xedea.
Artisautza enpresen elkarteei dirulaguntzak emateko araubidea arautzea da oinarri arautzaile hauen xedea, elkarte horiek artisautza azokak, erakusketak eta sariketak antolatzeko egiten dituzten jarduketei dagokienez.
Deialdiaren helburu nagusia artisautza enpresen elkarteei laguntzea da, Nafarroako Artisautzako Lanbideen Zerrendan sartutako artisautza lanbideren batean egindako produktuak sustatzeko eta merkaturatzeko jarduerak hobetze aldera (zerrenda hori Garapen Ekonomikorako kontseilariaren abenduaren 1eko 89E/2017 Foru Aginduaren bidez onetsi zen).
Jarduketa diruz lagungarriak egiteko epea.
Jarduketa diruz lagungarriak 2025eko azaroaren 13tik 2026ko azaroaren 13ra bitarte egin behar dira, bi egun horiek barne.
Ondorio horietarako, egin direla ulertuko da arestian adierazitako epean fakturatu, ordaindu eta amaitu badira.
Jarduketa diruz lagungarriak eta gastu diruz lagungarriak.
1. Diruz lagungarritzat jotzen da honako baldintza hauek betetzen dituzten artisautza azoken antolaketa:
–Nafarroako toki erakunderen batean egitea.
–Gutxienez 10 enpresa erakusketarik parte hartzea.
–Parte hartzen duten enpresek baldintza hauek bete beharko dituzte:
–Nafarroako Artisautza Enpresen Erregistroan izena emanda dauden enpresei gorde beharko zaie azokan erabilgarri dauden tokien %40 gutxienez. Salbuespen gisa, entitate antolatzaileak ehuneko txikiagoa onartzen ahalko du, behar bezala justifikatzen badu.
–Dibertsitatea eta aniztasuna sustatu beharko dira parte hartzen duten artisautza lanbideen artean.
–Honako hauek izanen dira parte hartuko duten artisautza lanbideak: ondasun artistikoak eta elikagaiez besteko kontsumo ondasunak sortu, ekoitzi, eraldatu, konpondu eta zaharberritzeko artisautza jarduera bat egiten duten enpresek gauzatzen dituztenak.
–Azokak bi egun iraun beharko du gutxienez. Goiz eta arratsalde hartuko da egun oso gisa, eta goiz edo arratsalde egun erdi gisa.
–Elkarte antolatzaileak azokari buruzko informazioa zabaldu eta bidali beharko die Nafarroako Artisautza Enpresen Erregistroan inskribatuta dauden enpresa guztiei. Baldintza hori egiaztatu egin beharko da diruz lagundutako jarduerak egin direla justifikatzeko unean.
–Elkarte antolatzaileak inkesta bat eman beharko die azokan parte hartzen duten enpresei, haien balorazioaren berri edukitzeko.
–Elkarte antolatzaileak jarduketa egitean indarrean dauden segurtasuneko araudi, protokolo eta osasun neurri guztiak bete beharko ditu.
–Azokan parte hartuko duten enpresak aukeratzeko, objektibotasuna eta gardentasuna izanen dira irizpide, eta hori horrela, produktuen kalitatea, erakustokiaren itxura, eskarmentua, lan-ibilbidea eta antzeko beste alderdi batzuk baloratu ahal izanen dira.
–Azokan parte hartzen duten enpresek aitortuta dauden artisau-lanbideari dagozkion produktuekin bakarrik joaten ahalko dira. Salbuespen gisa, eta elkarte antolatzaileak erabakita, erakusketaren zati bat, betiere osagarri gisa eta bigarren mailako izaerarekin, osatuta egon daiteke enpresa horiek aitortuta dauden artisau-lanbiderako espezifikoak eta beharrezkoak diren materialez edo lehengaiez egindako beste produktu batzuekin.
2. Gastu diruz lagungarriak.
Diruz lagungarriak dira ezinbesteko kanpo gastuak, zuzeneko lotura dutenak artisautza azokak antolatzeko behar diren ekintzekin.
Halakotzat hartuko dira antolaketari, muntaketari, komunikazioari edo publizitateari dagozkien gastuak, eta, zehazki, honako hauek:
–Azokaren antolaketari, koordinazioari eta informazioaren berri emateari lotutako gastuak, parte hartzen duten enpresak hautatzekoak eta azoka garatzeko administrazio publikoekin zein entitate pribatuekin egin beharreko jarduketa guztien kontratazio-lanek eragindako gastuak. Gastu mota honen kontura onartuko da, gehienez ere, aurkeztu eta gauzatutako azken gastuaren %20, gainerako kontzeptu diruz lagungarrien gainetik, eta ez da goranzko desbideratzerik onartuko hasieran aurkeztuko aurrekontuaren eta azkenean gauzatutakoaren artean gastu mota honetan.
–Komunikazio, hedapen eta publizitate gastuak, sustapen materialen diseinua barne.
–Azokaren dinamizazioa, parte hartzeko lantegiak, erakustaldiak, musika animazioa eta abar.
–Beharrezko instalazioak alokatzea, eta horiek muntatu eta desmuntatzea.
–Bide publikoa okupatzeagatik ordaindu beharreko tasak, edo bakarrik azoka egiteko beharrezko diren beste batzuk.
–Elektrizitate kontsumoa.
–Azokak hartzen duen eremuaren garbiketa-lanak.
–Segurtasuna instalazioetan.
–Erakustoki, saltoki edo standetan erabilitako olana, eguzki-oihal, binilo edo antzekoak inprimatu eta errotulatzeko gastuak; zehazki, diseinuari, ekoizpenari eta inprimatze prozesuei edo antzekoei dagozkien gastuak onartuko dira, bai eta lan horiek egiteko euskarria edo materiala erostekoak ere.
–Instalazioak zaintzeko eta mantentzeko lanak.
–Azoketarako beharrezkoak eta esklusiboak diren aseguruak kontratatzea.
–Balio erantsiaren gaineko zerga, entitate onuradunak berreskuratu edo konpentsatu ezin duenean soilik.
3. Diruz lagungarriak ez diren gastuak.
Honako gastu hauek ez dira diruz lagungarriak:
Entitate antolatzaileko langile berekiei dagozkien gastuak eta entitate eskatzailearen ohiko funtzionamenduak eragindakoak (fotokopiak, posta, telefonoa, bulegoko materiala eta abar).
–Sariak eta zozketak.
–Otorduak, aperitiboak edo antzekoak.
–Boluntarioekin lotutako gastuak.
–Ekitaldi instituzionalekin lotutako gastuak.
–Ekitaldira gonbidatutako pertsonen gastuak, salbu ekitaldiaren jarduera, lantegi edo erakustaldi baterako gonbidatzen badira.
–Opariak.
–Entitate antolatzaileari lotutako enpresen edo pertsonen bidez egindako gastuak, 8. oinarrian ezarritakoaren arabera berariaz onargarriak direnak salbu.
–Higiezinen edo lokalen amortizatze eta mantentze lanen gastuak.
–Gestoria-gastuak edo beste edozein motatakoak, azoka egiteko espezifikoak eta beharrezkoak ez direnak.
4. Gastu diruz lagungarriaren zenbatekoa 12.000 eurotik gorakoa bada (aholkularitzako edo laguntzako enpresek ekipamendu ondasunen hornidura edo zerbitzu emate bat egiten duten kasuetan), eskatzaileak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz aukeratu dela. Horretarako, gutxienez hiru eskaintza aurkeztu, eta aukeratutako eskaintzaren hautaketa justifikatu beharko du eskaera-orriko "Hornitzailea aukeratzeko justifikazioa" atalean.
Eskatzaileak ez dira beharturik egonen hiru eskaintzak aurkeztera, baldin eta gastu diruz lagungarrien ezaugarri bereziengatik merkatuan behar adina hornitzaile edo zerbitzu-emaile ez badaude edo dirulaguntza eskatu baino lehen egin bada gastua. Nolanahi ere, alderdi horiek eskaera-orrian dagokion atalean justifikatu beharko dituzte.
Eskaintza merkeena hautatzen ez bada, eta, laguntza kudeatzen duen organoaren ustez, justifikazioa nahikoa ez bada, eskaintza merkeenaren zenbatekoa baizik ez da diruz lagunduko.
Dirulaguntzaren zenbatekoa.
Dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, gastu diruz lagungarrien zenbatekoari %75 aplikatuko zaio.
Dirulaguntzaren muga 30.000 eurokoa da artisautza azoka bakoitzeko.
Eskaerak aurkezteko epea eta modua.
Eskaerak 2026ko martxoan aurkeztuko dira.
Informazio gehiagoCerrar [X]Uso de cookies
Utilizamos cookies propias y de terceros para mejorar nuestros servicios y recopilar datos estadísticos sobre hábitos de navegación. El uso de cookies es necesario para la notificación de incidencias. Si continúa navegando, consideramos que acepta su uso. Puede obtener más información, o bien conocer cómo cambiar la configuración, en nuestra Política de cookies